XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Literatura landuaz ari bagara, ez da dudarik, gaur lehen baino hobeki ezagutzen ditugula Nafarroa garaiko euskalki itzaliak, gaur ere aldatu dugula Arabako literatura euskaraz geneukan ikuspegia: XVIII, XIX. mendeetako idazle arabarren berri bildu dugu alabainan.

Hauek dira: Pedro Barrutia (1682-1759) Aramaio-koa, Gabonetako Ikuskizuna-ren egilea, Juan Bautista Gamiz Ruiz de Oteo, Sabando-ko semea eta Jesusen Lagundiko anai bezala atzerriratua izanik Bolonia aldean, 1773 an hila, Jose Pablo Ulibarri (1775-1847) Okendo-ko semea eta Gutun liburuaren idazlea eta Andres Baraciart (1749-1826), Lapurtar geneukan idazle ezaguna eta Enrike Knô*r-ek erakuts digun bezala Araba Durana-ko seme aitortu behar duguna; ikus gure Euskeran, 1971, Ulibarri-rentzat Aita L. Akesolo-ren artikulua; 1974, Gamiz-entzat Aita Goikoetxea Maizarena; eta 1986-1, Baraciart-entzat E. Knô*r-ena.

Beste ohar bat oraino egin genezake gure idazle batzuei buruz, hala nola, J. I. Tellechea Idigoras, Patxi Altuna eta J. A. Lakarra-ren lanei esker askoz hobeki ezagutzen dugu gaur, duela zenbait urte baino Aita Manuel Larramendiren nortasuna, haren obra eta haren eragina: ikus, Larramendi Manuel (1690-1766), J. I. T. I. ren artikulua, bere erreferentzia guziekin, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Diccionario Enciclopédico Vasco, delakoan.

Eta ber gauza erran genezake beste ikerlari batzuek Iztueta, Iparragirre edo Bilintx bati buruz egin dituzten lanen ondotik.

Gogoan dut adibidiez, Iparragirreren ohoretan elkar-lanean egin den liburua (Euskaltzaindia, Jagon 2., Bilbo, 1987), Aita Zavalak Bilintx-en bizitzaz eta bertsoez ontua (Donostia-ko Aurrezki Kutxa, Donostia, 1978) edo Jose Garmendiak Iztuetari eskaini artikulu ta liburuak.

Bada ordea oraino zer egin eta aipatzeko bakarrik nere solasa utzi aintzin, hurbilagotik ikusten ditudan zenbait puntu, bizpalau hauek ditut azpimarratuko: Iparraldeko literaturaren sailean hitzegin da batzutan Larresoroko eskolaz eta Piarres Lafittek berak, Gure Herria-n bereziki argitaratu ditu artikulu zenbait, zehazteko adibidez, bi Duhalde, bi Duvoisin, bi Larreguy, bi Elissanburu, bi Adéma, bizpalau Etchepare bederen aurkitzen ditugula euskal literaturan, bainan 1733an, Daguerre apezak, Larresoron, bere ikastetxe berria sortu zuen egunetik, mende honen hasiera arte, han ikasle edo/eta irakasle bezala iragan diren euskal idazle guzien azterketa zehatza egin gai dago oraino.